XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaixotasuna, Th. Mannengana etorrita berriro, sentikortasun gehitu min hori ariman, kulturaren forma bat da.

Kontzientziaren figura bat.

Ez oso bestelako moldez, emakumea, apaiza, kontzientzia kolektiboaren figurak dira orobat, artekotasun efektiboeneko figurak mendebaleko eguneroan, guztiz bestelakoaren aspirazio metafisikoak, gaixotasun sublimeak, sufritu beharra dagoen bulgaritatean.

Gaixotasuna krisia da, begi zoliagoak.

Ezinegona.

Urduria.

Dolore luzeak izpiritua erabat mehetzen, sentiberatzen, fintzen du.

Esklaberiak zenbateraino izpiritualdu zuen miseria beltza, Gospels kontzertu batean entzuten duzu, negarretan eder irudiarazteraino itxaropen deskontsolatua.

Th. Mannek Mendi magikoan Modernia, edo Europa, bere krisi totalean, moral, ideologiko, sozialean, politikoan, bi Mundu Gerren biolentziaren artean, totalitarismoen irakinetan, tuberkulosoentzako sanatorio baten metaforan errepresentatu du mendi urruti batean.

Aspaldian asmoa banuen, baina honezkero alferrik izango da, konparazio bat egiteko noizbait Mendi Magikoaren eta Obabaren artean alde honetatik.

Obaba krisian eroritako EH da, naturatik irtenda eta zibilizazioan sartu ezinda.

Gaixoek baino, kuriosoki, Obaban haurrek, subnormalek, izpiritu gabekoek errepresentatzen dute izpiritu gehiena.

Izpiritu ez korrunpitua, maitagarria.

Gaixotasuna propioki baino, izpiritua hor ahultasuna da edozein moldetan, batzuetan natur fenomenoetan beretan.

Hau da, irakurleak Obabako mendi magikoetako jendean kausitzen duena, pietatezko begirada beratz batek ikusitako haurtzaro handi bat da, bizitzeko egokitu ezinda orain inprentako letra artean; egon den EHrik ederrena bai, nahi baduzu, maitagarriena behintzat, gordetzerik ez dagoena baina (...),